Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. Urteurrenean, hau babesteko zabaldu den agiriaren aurkeztu da gaur
Aurten Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrena ospatuko da mundu guztian. 2008ko abenduaren 10a arte iraungo dute ospakizun-ekitaldiek, eta “Duintasuna eta justizia denontzat” izango dute leloa. Nazio Batuen Erakundearen ekimenez abiatu da kanpaina, eta parte hartzeko gonbita egin zaie hainbat jende, talde, erakunde, elkarte eta gobernuri, Aldarrikapen Unibertsala ezagutarazi, babestu edo susta dezaten, edo haren premiaz ohartu.
Eusko Jaurlaritzak bat egin du deialdiarekin Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, eta berariazko kanpaina egingo du Euskadin. Hiru ardatz izango ditu:
- Dibulgazioa, giza eskubideak ezagutzea. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren argitaratze eta dibulgazio masiboa egingo da.
- Kontzientziazioa, Aldarrikapenaren garrantziaz ohartzea. Ardatz honen barruan zenbait publizitate-spot eta film baten gidoirako ideia-lehiaketa garatzea aurreikusten da.
- Konpromisoa, eta haren urrakortasunaz jabetzea. Ardatz hau Aldarrikapen Unibertsalaren aldeko agiri bati atxikitzearen bidez garatuko da.
Gaur manifestu hau aurkeztu da Bilboko Domine Hotelean eta lehen sinatzaile gisa beren burua eskaini duten 11 lagunak ere bai. Pertsona hauek honakoak dira: Txaro Arteaga, Bernardo Atxaga, Nestor Basterretxea, Garbiñe Biurrun, Gurutze Irizar, Mikel Laboa, Gorka Landaburu, Anjel Lertxundi, Ramón Múgica, Dora Salazar eta Joan Mari Torrealdai. Pertsona hauek ez dira kanpainaren ordezkariak edo bozeramaileak; besterik gabe, manifestura atxikitu dira euren ikuspegi desberdinetatik. Hau ez da izan, beraz, ekitaldi politiko edo instituzionala, gizartearen atxikimendu ekitaldia izan da.
Gaurtik eta urriaren 11era arte atxikimendu prozesua abiarazten da. Instituzioei eta eragile politikoei, sindikalei eta sozialei zabalik dago. Urriaren 11n (60. urteurreneko ospakizuna baino 60 egun lehenago), Arantzazun ekitaldi bat egingo da. Hara gonbidatuko ditugu agiriaren sinatzaile guztiak eta herritarrak, oro har. Urriaren 11tik abenduaren 10era arte, berriz, agiriarekiko atxikimendu pertsonalak bilduko dira. Gaurtik aurrera web orri bat martxan dago, kanpainaren lagungarri: www.60urteurrena.org.
Ekitaldiaren aurkezpenean sinatzaileek adierazi dute agiri honek oraindik zentzu gehiago duela Legutioko atentatuaren ondoren eta azpimarratu dute euren erantzuna atentatuari agiriaren 2. puntuan dagoela, bizitza eskubideaz aipamena egiten duen puntuan.
Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 60. urteurrena ospatzeko
Euskadin egingo den kanpainaren Idazkaritza Teknikoa
2008ko maiatzaren 15a