Euskal konpromisoa giza eskubideen alde
World Kafea
Arantzazu, 2008ko urriaren 11

Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko prestatutako euskal kanpainaren baitan pasa den urriaren 11n World Kafea antolatu zen Arantzazun. 400 lagunek hartu zuten parte World Kafe horretan.

World Kafea parte hartzeko metodo interaktiboa da, gai jakin bati buruz hitz egiteko eta ondorioak ateratzeko sortua. Parte-hartzaileek lauzpabost laguneko talde txikietan hitz egiten dute, mahai baten inguruan, eta 15-20 minutuz jardun ondoren mahaiz aldatzen dira beste zenbait solaskiderekin beste zenbait gaietaz aritzeko.

Arantzazuko World Kafearen gaia giza eskubideen ingurukoa izan zen, eta hiru txandatan jorratu ziren eztabaidagaiak honakoak izan ziren:

-Zein esanahi praktiko eta zehatz dute zuretzat giza duintasuna, bizitzeko eskubidea eta giza eskubideen zatiezintasuna bezalako kontzeptuek?

-Zure esperientzia pertsonaletik eta sozialetik begiratuta, zein erlazio izan beharko lukete giza eskubideek immigrazioarekin, bazterketarekin, marjinazioarekin eta abarrekin?

  -Nola gauzatu behar da, orain eta hemen, giza eskubideen aldeko gure konpromisoa?

Hemen aurkitu ditzakezu jasotako material guzti hortatik atera daitezken ondorioak. Era desberdinetan adierazi ziren ideia eta intuizioak dira eta esandako guzti hortatik, adierazgarrienak iruditzen zaizkigulako nabarmendu nahi ditugu hemen.

Baita ere mahai desberdinetan jasotako apunteak irakurri ditzakezu . Gehien errepikatu ziren ideia nagusiak jasotzen dira, gaika sailkatuak. Kasu batzuetan, ideia kontraesankorrak edo parte hartzaileen artean eztabaida sortu zuten gaiak ere agertzen dira.